aHUTSAK HARTUa

Hautsgrafia ariketa bat
Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio

Nonbait egoteak, bizitzeak, uzten dituen aztarna anitzen artean, hautsak du sedimentatzeko gaitasun haundiena. Zelula galdu, lore hauts, zikin multzo eta gainerako ahazturen pilaketa etengabeak eraikitzen duen epidermis ia ikusezinak, hau(t)skorra den memoria mikroskopikoki estratifikatua eraikitzen du. Finegia arkeologoaren begietarako, larriegia artelanak eta haiek eusten dituzten idulkiak garbitzen dituztenentzako, ezdeusegia markoan ipintzeko, zaratatsuegia aditu nahi duen belarriarentzako.
Hautsa, mimetikoa eta opakua da aldiberean. Kamusten du ertza, zulatzen du oihartzuna.

Zarata eta hautsa, beti dira aukerak. Haien partikulen gainean altxatu dira gure izateko erak eraikitzeko baliatu ditugun munduak. Gure museo partikular eta intimoak.

aHUTSAK HARTUa Arte Ederren Bilboko Museoa bisitatzen dutenei begirunez gordetzen zaizkien arrasto horien bilduma bat da. Impasse behartu batetik (2020) desiratutako beste itxialdi baterako (2023) bidean pilatu diren hautsei idatzitako memoria.